XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erantzunaren Bila Jan ostean atarira urten neban.

Izeko Carmen-ek segitu eustan, baina gerizpetan etzunda ikusi ninduanean aterpean, bueltatu egin zan.

Orduan, ixilik, atea zabaldu, bidea gurutzatu eta soloan sartu nintzan.

Arto ilaren bitartetik jarraitu neban.

Nasai ninoian.

Artoak estaltzen ninduan.

Inondik ere ezin ninduen ikusi.

Lurra gogorra egoan.

Nire txokloen azpian lur mokil batzuk birrindu egiten ziran.

Ibili eta ibili egin nintzan.

Errekatik hur nengoan, errotako presaren ur murmurioa neuganaino heltzen zan eta.

Jezarri egin nintzan.

Txokloak kendu eta alkondara askatu.

Nekaturik nengoan eta loak hartu ninduan.

Luzarotxoan lo egin neban, ez dakit zenbat denporaz, eta Manolito eskopeta bategaz neuri segika etorrela amesetan nengoala esnatu egin nintzan.

Agian neure bila ibiliko dira, pentsatu neban.

Baina ez eustan ardura.

Aitak arrazoi barik joten ninduan, eta erakutsi egin nahi neutsan ez deutsadala bildurrik.

Horrexegaitik ihes egin neban.

Aspaldi neukan urrutira joateko asmoa.

Ez neban Manolito jasan nahi.

Lur pilotxoak egiten hasi nintzan.

Betidanik atsegin izan jat lurraz olgatzea.

Azaleko lurra beroa zan, eta azpikoa ostera, freskoa.

Lehenengo hesia egin neban, gero zubiak.

Zoru eta baranda modura artoaren orriak eta bizarrak gainetik eukazan zubia.

Orduantxe entzun neban deia.

Bapatean zutundu nintzan, baina atzera makurtu ere bai laster.

Mutikoooo! Lehenengo oihuak bidetik etozan, gero erreka bazterretik ere baetozala iruditu jatan.

Eskuekin lurra pilatzeari ekin neutsan.

Harrizko laba ere egin neban eta bedar batzuk errotik erauzi beraren inguruan ipintzeko.

Handik ez neban zirkinik ere egingo.

Etxetik betiko aldegiteko zin egin neutsan neure buruari, aitak barriro zigortzen baninduan.

Balbinoooo! Neure amagaitik sentidu neban, eta izeko Carmenegaitik ere bai, baina aspertu daitezala.

Eurok ere jo izan ninduen eta gainera errezatu eragiten eusten.

Danak nire kontra.

Aitapontekotik hasita nire anaia Migelenganaino; honek, oraindino Ameriketara joateko bezperan uleetatik ten egin eustan, erreminten kutxan ibili nintzalako.

Arratsalderako nire bila ebiltzan etxeko guztiak, eta auzoko batzuk ere bai.

Hurre, urrun, soloetan, bideetan deiadar egiten eben.

Nire izena airean zehar hara eta hona ibili zan auzoteri osoan.

Eguzkia joanda egoan eta oraindino ez ninduen aurkitu.

Nire ardurarik ez eban jende asko ere bila ebilen.